You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: Fundación BBVA
Babeslea: Babesle: Fundación BBVA

Thannhauser legatua

XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako artelanek osaturiko legatua da Thannhauser Bilduma, Justin K. eta Hilde Thannhauserrek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundation-i emandakoa. Thannhauser familiak, arte-salerosle nahiz bildumazale gisa, arte aurrerazalea sustatzen Alemanian, Suitzan, Frantzian eta Estatu Batuetan egin zuen lan nekagabearen gailurra dira funtsezko artelan hauek. 

Heinrich Thannhauser (1859–1935) arte-tratulari alemaniar-juduaren semea zen Justin Thannhauser (1892–1976), eta 1909an Moderne Galerie sortu zuen Munichen. Gaztetatik, Justin aitarekin aritu zen lanean gero eta oparoagoa zen galerian, eta erakusketa programa zabal eta malgu bat osatzen lagundu zion. Alemaniar artista garaikideak aurkezteaz gainera, galeriak bereziki azpimarratzen zuen Frantziako XIX. mendearen amaierako abangoardia; era horretan, arte inpresionista eta postinpresionistarekiko zaletasuna Alemanian zabaltzen lagundu zuen. Esate baterako, lehenago, 1908an, Vincent van Goghen lanaren hil ondoko erakusketa batean parte hartu zuen Heinrichek, zeinak ageriko eragina izan baitzuen espresionismoaren ildotik lanean hasiberri ziren bertako artistengan. Era berean, 1913an Thannhausertarrek Pablo Picassoren atzera begirako lehen erakusketa garrantzitsua antolatu zuten, eta modu horretan hasi zen Justinen eta artistaren arteko harreman estua, bizitza osoan zehar iraun zuena. 

Justinek, anbizio handiko negozio-gizona izanik, bigarren galeria bat zabaldu zuen 1920an Luzernan, Suitzan, bere lehengusu Siegfried Rosengart-ekin (1894–1985). Zazpi urte geroago, Berlingo artegune oparora eraman zuten Thannhausertarrek beren Municheko galeria. Weimarko Errepublika liberalaren hiriburua izanik, zentro kultural bizi-bizia zen Berlin 1920ko hamarkadan, eta arte ausarta eta bizimodu urratzaileak hartzen zituen. Han, Justinek erakusketa garrantzitsuak antolatu zituen, besteak beste Paul Gauguin, Henri Matisse eta Claude Monet artisten lanekin. Hurrengo hamarkadan galarazi egin ziren, alabaina, salerosketa-operazioak, gobernu nazia abangoardiako artea erasotzen hasi zenean, hura “degeneratu”tzat jota. Berlingo galeria 1937aren amaieran itxi zen, Thannhauser familiak Parisera emigratu eta handik gutxira; han Justinek beste galeria bat ireki zuen, arte modernoan espezializatutakoa. Azkenean, 1941aren hasieran New Yorken hartu zuen familiak egoitza, eta han jardun zuen Justinek arte-salerosle pribatu gisa, kulturaren, politikaren eta zientziaren munduko pertsona garrantzitsuekin harremanetan. 

Arte-berrikuntzaren sustapenarekin Thannhausertarrek zuten konpromisoa bat zetorren Solomon R. Guggenheimen ikuspegiarekin (1861–1949). Antzeko espiritu hura estimatzen zuelarik, eta bere familiaren oroitzapenez, Guggenheim Foundationi eman zion Justinek bere arte-bildumaren parte garrantzitsu bat, tartean Picassoren hogeita hamar lan baino gehiago. Justinen bigarren emazte eta alargun Hilde Thannhauserrek (1919– 1991) zabaldu zuen Guggenheimeko margolanen sorta, beste hamar artelanen dohaintzarekin. Gaur egun, oraindik ere, Thannhauser Bildumak garrantzi handiko ikuspegia eskaintzen du, artearen historiako aldi dinamikoenetako bat ikusi eta lantzeko.

Inpresionismoa

Thannhauser Bildumak funtsezko betekizuna izan zuen Solomon R. Guggenheim Foundation funtsek hartzen zuten denbora-esparrua zabaltzen, horiei arte modernoaren aitzindari zuzenak gehituta.

Thannhausertarrak arte-salerosle garrantzitsuak izan ziren Alemanian, Suitzan eta Frantzian XX. mendearen lehen erdian, eta taldeko nahiz bakarkako erakusketa garrantzitsuak antolatu zituzten Frantziako XIX. mendearen amaierako abangoardiako artistak aurkezteko, haien artean Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet eta Pierre Auguste Renoir. Artista berrizale haiek Paris zuten erdigunea, eta lotura zuten lausoki definitutako inpresionista taldearekin; zeinak pintzelkada zehaztugabea bezalako baliabide estilistikoak erabiltzen zituzten, espontaneitate-ilusioa sorrarazteko xedeaz. Cézannek formarekin egindako esperimentuak urrunago ere joan ziren: espazio erreala erreproduzitzeko helburu tradizionaletik desbideratu zen; haren lanak gero eta gehiago erakusten zuen jarraitasun espazialik eza, eta gero eta gehiago hurbiltzen zen abstrakzio geometrikora.

Inpresionistek efektu iheskorrak esploratu zituzten naturarekin nahiz hiriarekinlotutako gaietan, eta modu errealistan azaldu zituzten kultura frantsesaren klase-egituren eta usadioen aldaketak. Maneten Ispiluaren aurrean lanak (1876), esate baterako, prostituta bat agertzen du, bere psike ispiluari begira, erdi erantzita. Pierre- Auguste Renoirren Emakumea perikitoarekin (1871) obra Maneten lanaren antzekoa da islatzen duen intimitateari dagokionez, eta goierdi mailako klaseko emakume paristar gazte bat irudikatzen du bere txori kuttunarekin jolasean. Izan ere, garai hartan emakumeak itxita egoten ziren etxe barruko esparruetan —perikitoa bere kaiola urre-kolorean bezala—, ez baitzieten uzten beren gizonezko kideekin hirian barna libreki mugitzekin.

Postinpresionismoa eta modernitate goiztiarra

Thannhauser Bildumak hartzen duen XIX. mende amaierako arte europarraren hautaketak epealdi horretako bi arte-joera nagusiekiko erreakzio gisa sortu ziren estiloen ugaritasuna agertzen du: naturalismo akademikoa eta inpresionismoa ziren bi joera horiek, eta biek bultzatzen zuten mundu fisikoarekiko atxikipena. Mende bukaera aldi konplexua izan zen, aztoramen ekonomiko, politiko, sozial eta psikologikoak definitutakoa, sarritan aurrerabidearen izenean.

Paul Gauguin eta Vincent van Gogh bezalako artistek—Thannhausertarren Municheko galerian antolatu ziren erakusketa erabakigarrietako margolariak— barrura begiratzeari ekin zioten.

“Mundura irekitako leihoa” zen arte bat sortu baino areago, postinpresionista izenekoek marra bihurgunetsuak eta kolore ez-naturalistak baliatzen zituzten beren margolanei kutsu hunkigarri bat emateko. Van Goghek, bereziki, bere esperientzia eta sentimendu pertsonalen lenteak baliatuz irudikatu zuen errealitatea. Saint-Rémyko mendiak (1889ko uztaila) buruko gaitz baten atake baten ondoren suspertzen ari zela margotu zuen, eta artistaren egoera subjektiboa dakar gogora —ospitaleko lurren inguruko arroka formazioen presentzia zirragarria jasotzeaz gain—, pinturaren aplikazio lodiaren eta pintzelkada bizien bitartez.

Georges Braque-k, bere Paisaia Anberestik hurbil (1906) margolan fauvistan, kolore kartsu, espresionistak erabili zituen eta paisaiaren dekonstrukzioa landu zuen, argitasun koloretsu baten bitartez.

Mendearen mugan bestelako arte-formak ere agertu ziren, haien artean Henri Rousseau margolari trebatugabearen margolan lau eta estilizatuak. Rousseauren Futbolariak (1908) baso zehaztu gabe batean kokatuta dago, eta aldi berean da jolas alaia eta ametsetako irudi hunkigarria.

Picasso eta Thannhauser

1900eko Erakusketa Unibertsala ikustera joan zen Pablo Picasso aurrenekoz Parisera bere jatorrizko Espainiatik. Izan ere, Paris zen orduan arte-munduaren nazioarteko zentroa. Le Moulin de la Galette (1900) da bere bi hilabeteko egonaldian artistak egin zuen margolanik garrantzitsuena, eta argi islatzen du Parisko gaubizitzaren dekadentzia lizunak eta xarma arruntak artista gazteari eragiten zioten lilura. Picassoren estilo naturalista bizkor aldatu zen, eta laster etorri ziren haren Aldi Urdin malenkoniatsua eta geroagoko Aldi Arrosa, Georges Braquerekin batera, modu aitzindarian, kubismoarekin loturiko aurpegi askoko formak eta espazio-plano lautuak margotzen hasi aurretik. Mugimendu hori 1907 inguruan sortu zen, eta XX. mendeko garapen estetiko berrizaleenetako eta eraginkorrenetako bat delakoan ikusten da. Picassok neoklasizismoarekin esperimentatu zuen ondoren, eta bere lanak marrazketa eta figurazioarekiko interes berritua agertu zuen gerra arteko epean. Hein batean surrealismoarekin ere harremanetan egon zen; mugimendu horren jarraitzaileek desira erreprimituen, ametsetako irudien eta inkontzientearen nozioei forma eman nahi zieten. 

Justin K. Thannhauser bildumazale eta arte-salerosleak oso harreman pertsonal estua zeukan Picassorekin, bi gizonen karreren hasieran osatua, gehienbat 1913 inguruan, Thannhausertarren Municheko galeriak artistaren Alemaniako lehen erakusketa garrantzitsuetako bat antolatu zuenean. Picassoren hogeita hamar lan baino gehiago —haren lanaren hirurogeita bost urte hartzen dituztenak— sartu ziren Guggenheimen bilduman 1978an eta 1991n, Justin eta Hilde Thannhauserren hurrenez hurreneko dohaintzen bitartez

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean